Pixkanaka Pintxos&Blogs denboraldi honetako azken txanpan sartzen ari gara, eta oraingoan publizitatearen munduaren gaiari ekingo diogu. Horretarako gonbidapena zabaltzen dizuegu datorren ostiralean, maiatzak 4, 20:30etan Astoria7 Hotelean ospatuko den solasaldi atseginean parte hartzeko.
Solasaldian zehar publizitatearen mundua barrutik nolakoa den ezagutzeko aukera izango dugu. Gaur egun publizitatez inguratuta bizi gara, baina oso gutxi dakigu bere atzean ezkutatzen denari buruz. Zein dira kanpaina on baten gakoak? Nola kudeatzen da sormen lana? Zein da iragarki bat arrakastatsua eta gogoratua izateko sekretua? Nolako eragina du publizitateak markan eta markak publizitatean? Zer eragin daukate iragarkiek markan?
Galdera hauei eta gehiagori erantzuna emateko gure artean luxuzko bi gonbidatu izango ditugu, publizitatean mundua lehen pertsonan ezagutzen dutenak.
- Guille Viglione komunikazio zerbitzu integratuak eskaintzen dituen Dimensión publizitate agentziako Presidentea eta Sormen Zuzendari Exekutiboa da. Gaur egun Guille publizistarik ezagunenetakoa da bere sormenagatik eta eraginkortasun komertzialaren alde egite duen defentsagatik. Urteetan zehar berak zuzendu dituen publizitate kanpainek hainbat sari jaso dituzte maila nazional eta internazionalean. Bestalde, Guille Viglione El Diario Vasco-ko zutabegilea da igandeetan.
- Luis Petrikorena-k (@macpetri) 18 urte baino gehiago daramatza marketin eta komunikazio arloetan lanean. Aditua da markei eta kokapenari buruzko plangintza estrategikoan eta aholkularitzan. Bere ibilbide profesionalen zehar Luis Petrikorenak sektore desberdinetan lehiatzen duten hainbat enpresentzat kanpainak egin ditu.
Astoria7 Hotelean dastatzeko aukera izango dugun menua ondorengoa da.
- Kalabaza, laranja eta ketutako hirugihar kaputxinoa
- Konfitatutako bakailao rabiolia porrusalda emultsio finarekin
- Glaseatutako arkume puska bere zukuan azenario eta erromero purearekin
- Denboraldiko fruta freskoen minestronea jogurta eta gailetekin
- Txokolatezko ganatxea, udare gozagaina eta briotxe zopa
- Edariak
Astoria7 Hotelaren edukiera 45 pertsonakoa da.
[GARRANTZITSUA] Norbaitek intolerantzia edo alergiaren bat baldin badu guri jakinaraztea menua aldatu ahal izateko.
Edozein zalantzetarako, jarri harremanetan Xabier de la Mazarekin (xdelamaza@delifunart.com).















